top of page

Peio Zubiria

Azkarregi

 

     Ez indartsuegi eta ez listoegi. Arinegi, behar baino lehen, sobera fite, goizetxo, presaka, aukeran agudo. Hondakinak gaika bereizi eta kalera ateratzea herritar guztien betekizun bihurtzeko, Atez Atekoa jartzeko, alegia. Kuriosoa da gauza batzuetarako ez dagoela berandurik.

 

     Lehenengo aldiz usurbildarrez entzun nuen, han herritarrak eztabaidan ari zirenean, gure anaia Aralarreko zinegotzi aginagatarrari bere burkide hernaniar batek esana: “Azkarregi ari zarete”. 2008ean goizegi zen. Gaia Hernanira heldu zenean, 2009an, udalak gauzak arinegi ei zeramatzan bihotz zabaleko zenbait lagunen aburuz, ez haiengatik, jendeagatik baizik, jendea ez dago kontzientziatuta. 2011ko udan Astigarragako norbaitek esan zigun gauzak astiro egin beharra zeukatela, ez zen komeni azkarregi joatea. 2012ko udaberrian, testuinguru berean, sistema berria herrian abiarazteko lehenengo urratsak, Zaldibian entzun genuen: “Orain dena kolpetik… ezin al dira gauzak pixkanaka egin?”.

 

     Mugarri garbi bat jarri ezean, inoiz ez da garaiz. Antolaketa eta eztabaidazko urte osoa deskontaturik, 43 hilabete, 3,5 urte, Usurbilen Atez Atekoa martxan jarri zela, 29 hilabete Hernanin eta Oiartzunen instalatu zenetik. Eta berriro “ez al da azkarregi?” galdetuko da bileretan, “jendeak denbora gehiago behar du kontzientziatzeko” esango zaigu Zarautzen, Lasarten, Donostian. Baina ez esan beranduegi dabiltzanik Irun eta Hondarribiako agintariei erabaki dutenean Txingudin zabaltzea edukiontzi marroi famatua, gaikako bilketa%35an inolaz gainditu ezin duen sistema. Usteko dute garaiz dabiltzala Bidasoaren erriberetan errauste planta txiki bat eraikitzeko %65 sobranteak kixkaltzeko.

© 2014 by Atez ate. Proudly created with Wix

  • Wix Facebook page
  • Wix Twitter page
bottom of page